X
    Categories Entrevistas

Zaldi urdina. Sarraski isildua gogoan

Denboraldi honetako euskaraz egindako antzerki lanarik arrakastatsuena bilakatu da. Gizartean drogak duen eraginari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituen lana. Elkarrizketa honetan Ximun Fuchs zuzendariak “Zaldi urdinaren” nondik norakoak ematen dizkigu.

Proiektu honen zein fasetan iritsi zinen? Gidoiaren behin betiko bertsioa bazegoen antzezlana prestatzerakoan ala jasotako hasierako bertsiotik abiaturik testuren bat berridatzi zenuten?

Antzezlan honen iturburua Justo Arriolaren “A los pies de los caballos” da. Liburu honek azaltzen du drogaren galdera Euskal Herrian, hots, nolatan izan den hainbeste droga, nondik etorri den, ze interesekin… Droga gure azkeneko sarraskia izan da, milaka hil dira. Hau ez da sartzen euskal gatazkaren kontakizunean. Drogagatik norbait galdu duten familiak geratzen dira estigmarekin, desbideratze batean ibili izan balitz bezala baina nire ustez hau zerbait antolatua izan zen, itotzeko eta erailtzeko belaunaldi oso bat. Alkoholarekin egin zen bezala indioekin edo japoniarrek Mantxurian egindako sarraskia opioarekin eta denok dakigu Euskal Herrian edozein droga mota aurkitzea oso erreza dela. Droga, berez, ez da ona ez txarra baizik eta horren kudeaketa da arriskutsua izan daitekeena. Arazoa da nahitara pozoi bezala erabiltzen denean holako eskala batean.


Nolakoa izan zen aktoreen zerrenda osatzeko proiektua? Aurretiaz ezagutzen zenituen ala hautaketa proba egon zen egokienak aukeratzeko?

Antzezlan hau laugarrena da Arte Drama, Deja vú eta Axut! konpainiek elkarrekin egiten duguna. Hiru urtero biltzen gara onurak eta pentsaerak saski komun batean jartzeko. Proiekturako aberasgarriak diren beste pertsona batzuk ere gonbidatzen ditugu. Aktore gazteak ere gonbidatzen ditugu tresneria haien eskura izan dezaten haiek ere etorkizunean proiektuak aurrera eramaten ikasteko. Beraz proiektu hau bi helburu ditu, alde batetik antzezlanarena eta bestetik biharko euskal sortzaileak laguntzea oso era konkretu batean.

Zaldi urdinak gaur egun gertatzen den istorioa kontatzen digun arren, 80 eta 90 hamarkadetan pairaturiko drogadikzioaren erreferentzia nabarmena da. Denbora aukeraketa hori errepikatzeko arriskuan gaudela abisua ote da?

Bai, hala da. Gure antzezlana road movie bat da. Familia bat bere seme iheslari bila doa, koman erori den norbaiti droga saldu eta gero. Road movie honetan familiak ukango ditu bere mamuak eta bere galderak bilaketa honetan eta Euskal Herriaren historia ere aurkituko du aurrez aurre. Inportantea zaigu gu, euskal sortzaileak bezala gure historiaren lekukoa izatea, ez aipatzen den historia ofiziala baizik eta memoria herrikoia, familietan dauden istorio horiek atera behar direnak gizarte mailan konpontzeko.

Antzezlanean eskarmentu handiko aktoreak baita hasiberrikoak ere aurki daitezke. Zaila suertatu zaizu talde bat osatzea haiekin? Zelan ikusten duzu aktoreen belaunaldi berria?

Uste dut aktore gazteek badutela gaitasun handia baina hala da beti. Gazteriak ez badu gauzak ondo egiten aurreko belaunaldiak zerbait gaizki egin du. Sekulako altxorrak dira eta batzuetan ez ditugu balioztatzen. Babes eskasa bada eta ez da sustatzen euskal gazteriak duen kemena eta orokorrean euskal kultura sustatzeko ez dago pentsaera sendorik.  Oso tristea eta esanguratsua da, politikoki funtsezko pentsaera bat ez izatea bat gure herriarentzat. Kulturan ez pentsatzea, herrian ez pentsatzea baita. Hori bezain sinplea da.

«Zaldi zuria» Euskal Herriko antzokietan ikusteko aukera egongo da hurrengo hilabeteetan, ze nolako harrera izan du orain arte?

Ez naiz publikoaren bozeramailea baina esan daiteke oso arrakastatsua izaren ari dela leku guztietan egon baita beteta. Lan handi baten ondorioa da baina ikusten dugu baduela gogoa antzezlana kontatzen duen istorioa konpartitzeko. Jendeak antzokitik ateratzerakoan ez du antzezlana aipatzen,  bere bizitza baizik, denok baitugu zera honekin arazoak izan duen norbait. Antzezlan honek barruan dugun mamu horiek azalerarazteko laguntzen du.

David Tijero Osorio:
Related Post