X
    Categories Entrevistas

Sua. Sentipenak askatuz musikaren bidez

Julen Ribasek eta Alex Tellok “Sua” izeneko komikia argitaratu dute. Su ta gar taldearen abestien hitzak hartuta Suaren istorioa kontatzen duen ezohiko lana.

Nola sortzen da proiektu honen ideia? Hasiera batetik istorioa eraikitzeko Su ta gar taldearen abestien bidez asmoa zenuten? 

 A: Abiapuntua abestiak izan ziren. Euskal gazte baten bizitzako pasarteak hiru ekitaldietan, Broadway estiloko musikalaren zirriborroa egin nuen abestien letratako zatiak aukeratuaz. Zirriborroa egiteko Su ta garren abesti guztiak aztertu edo arakatu nituen eta ia denak erabili. Gero, gidoi literarioa luze geratu zen eta marrazketarako Julenek laburtu zuen hainbat irizpidea kontuan izanda.

J: Nik Alexen proposamena jaso nuen. Su ta gar taldearen zalea izanda oparia izan zen proposamena jasotzea. Ondoren lan gogor egin dugu denon gustuko liburu bat egiteko.

Zehaztugabeko leku eta garai batean bizi da Sua, protagonista nagusia. Nor dugu Sua? 

A: Sua gaztea gurasoekin bizi da eta lanik ez du. Egunean zehar motorrarekin bueltaka ibiltzen da edo tabernan, lagunekin zein bakarrik. Parrandarako ez bada, aparteko motibaziorik ez du. Guraso eta lagunekin gorabeherak izaten ditu. Lehen musikan jarduten zen, mendira irten… baina utziak ditu. Suaren bizipenak identifikagarriak gerta dakizkioke gazte askori.

Sua Su ta garren abestietan aurkitzen da eta abesti horiek gazte askoren ispilu edo isla dira. Bestela, leku eta garaiak zehazturik ez daudelarik, testuinguru soziopolitikoa identifikagarria gertatzen da.

J: Suak Su ta garrek bere hitzetan islatu dituen garaiak biziko ditu. Memoria historiko ariketa bat izan daiteke. Su ta gar taldeak 30 urtetik gora hartu ditu eta gaur egun oraindik nerabe batek “harri” beretsuekin egin dezake topo. Gure helburua irakurlea istorioan murgiltzea da. Identifikagarrik diren hainbat kokapen eta elementu, larregi zehaztu gabe baina sinesgarritasuna emango digutenak.

Istorioa garatzen da pertsonaien arteko elkarrizketarik gabe. Erronka handia izan dela itxura ematen du.

A: Argi genuen testu bakarrak abestietako hitzak izango zirela eta ez genituen testu erantsiak nahi. Bai, erronka izan da. Marrazkiak mintzo dira, azaltzen dute abestietako hitzen iradokizun guztiak.

J: Zentzu horretan ezohiko komikia da. Hasiera baten banituen nire kezka eta zalantzak. Baina egia da abestien hitzek soilik badutela nahikoa indar eta kontakizunari “eusten” diotela. Erronka eszena guztiak jostea izan da. Narraziori erritmo eta pultsio propioa emanez. Eta uste dut lortu dugula.

Zein izan da zure lan prozesua komiki hau sortzeko? Elkarrekin egin duzue lan hasieratik ala istorioa sortu eta gero marrazteko unea etorri da? 

A: Julenek iruditegiarekin lan itzela egin du (pertsonaiei aurpegia, gorputza, janzkera, toki guztiak eta horiek erakusteko detaile guzti-guztiak) eta marrazketarako pasarte eta abesti esanguratsuenen aukeraketa eta proposamena. Marrazketaren fase guztien nondik norakoak ezagutu eta iritziak, iradokizunak edo proposamenak partekatu ditugu talde bezala. Lau urte hauetan Su ta garreko lagunek komikiaren prozesua osoan parte hartu dute. Beren inplikazioa funtsezkoa izan da.

J: Alexen “eleberria” jaso nuen momentutik hasi nintzen komikia zirriborratzen. Eszenak garatzen. Su ta garrekoekin kontrastatzen joan gara. Lanaren mardula guk egin dugun arren uneoro beraien onespenarekin egin dugu. Marrazkilari moduan askatasun handia eduki dut osoa ez esatearren. Miresmenetik eta errespetutik egindako lan bat izan denez beraien erantzuna apartekoa izan da. Hartu eman bikaina izan dugu.

Formula errepikatzeko asmoa duzue, agian beste talde baten abestiak erabiliz? Sua ikusiko dugu hurrengo lanetan?

A: Beste musika taldeek komikiak egitea ederra izango litzateke. Abestiak eta marrazkiak uztartzen dituen formula irakurketa berezia egiten, hots, hitzei eta doinuei beste dimentsio erakargarria ematen die.

Disko baten moduan, orain aurkezten dugun Suaren istorioak badu bere osotasuna eta bere ibilbidea hasi besterik ez du egin. 

J: Sua jaioberria da. Ikusiko dugu biziak zer dakarkion. Beste musika talde batzuekin gauza berdina egitearen harira; Ez. Formula hau errepikaezina da. Zorioneko istripu bat izan da. Mila elementuk egin dute topo proiektu hau ahalbidetzeko. Etorriko dira “enkargu” eta proiektu berriak. Baina esperientzia hau oso berezia izan da. Bakarra. Eta zorionez ezin dugu Sua berrasmatu.

“Sua” Alex Tello, Julen Ribas. 80 orri. 18 Euro.

Posta elektronikoz egindako elkarrizketa urtarrilaren hasieran

David Tijero Osorio:
Related Post