Ekainaren 20 eta 22an, denboraldiko proiekturik nagusienetariko bat helduko da, Saturraran izeneko operaren estreinaldia. Juan Carlos Pérezek konposatua, Kirmen Uriberen euskarazko libretoa du. Saturraran elkar maitatu ezin duten bi emakumeren istorioa da. 80ko hamarkadan, Ane, itsas zabaleko arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean iritsitako andaluziarra. Ezberdina dena onartzeko zailtasuna, heroinaren erasoa, arrantza munduaren gainbehera… dira Saturraran-en agertzen diren gaietako batzuk, aske izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari omenaldia. Lucía Astigarraga zuzendari artistikoarekin egin dugu berba, lan honen xehetasunak hobeto ezagutzeko.
Zeintzuk izango litzateke Saturraran bezalako opera bat gauzatzeko egin beharreko erronkarik handiena?
Sortu berria den opera bat da, eta horrek esan nahi du ez dudala musikaren grabaziorik edo erreferentzia estetikorik. Horrek ezohiko askatasuna ematen dit, baina hutsunerako jauzia ere esan nahi du. Gaur egun gure irudimenean eta paperean bakarrik existitzen den zerbait da. Ideia gorpuztea eta taldea norabide argi eta koherente batean gidatzea da, zalantzarik gabe, lan honen erronka handia.
Zer izan zen proiektu honen zuzendaritza onartzeko konbentzitu zuen ezaugarririk nagusiena?
Hiru arrazoirengatik ez nuen dudarik izan: lehenengoa Juan Carlos Pérez eta Kirmen Uriberen materialetan oinarrituta zegoela jakitea, kalitate artistikoaren bermea baita. Bigarrenik, Arriagan estreinatuko zela jakiteak, horrek dakarren kalitate teknikoaren bermearekin, eta azkenik gaiak: itsasoa, 80. hamarkada, Saturraran… libretoak hunkitu ninduen!
Nola definitzen duzu zuzendari eszenikoaren papera ekoizpen liriko batean?
Uste dut talde osoa inspiratu eta zaindu behar duzula, ekoizpen liriko batean izugarria dena. Garrantzitsua da sormen-ingurune bat sortzea, espazio seguru bat, kantariak erabat libre senti daitezen beldurrik gabe bilatzeko eta probatzeko. Gero, zereginak eta lehentasunak ondo antolatu behar dituzu.
Zure ustez, zer harrera izatea espero duzu ikusleengan Saturraran opera? Oso hurbilak gerta daitezkeen gaiak jorratzen dira antzeslanean.
Ikusleak istorioan murgiltzea eta errealitateari denbora batez ihes egitea espero dut. Aurki dezatela nolabaiteko edertasuna eta antzerkia eta musika apur bat gehiago maita dezatela.
Saturraran opera Bilboko Arriaga antzokian antzestuko da ekainaren 20an eta 22an