X
    Categories Entrevistas

Ihes ederra. Errealitate paraleloan murgilduta

Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra azken urteetako euskeraz egindako lanik ausartena dela esan liteke. Egiturak eta istorioa garatzen den egoerak dakarten berritasunak AUX aldizkariaren arreta lortu du. Egileekin egin dugu berba gehiago jakiteko. 

1-Zuen liburua hitz bakar batez definitu beharko balitz, berritasuna aukeratuko nuke. Horixe izan zen asmoa lan hau egiterakoan? Zerbait zeharo berria sortzea? 
 
Testuinguru jakina deskribatu nahi genuen, eta horretaz gainera bikotearen inguruko harremana aztertu. Bazen ere bion artean lan egin nahia. Hori dena batuta biok maila bereko partaide izango ginen egitura sortzea izan da funtsezko lana, hautu estetikoak finkatuta hasi ginen eraikitzen liburua. Liburuaren gune nagusia osatzeko beste bi espazio sortu ditugu, bata oin-oharren antzera idatzita, entziklopediaren estiloan, eta bestea ezkerreko orrialdeko tartean dagoena, liburutik alde egiteko gurariarekin, handik irakurleari beste liburu, kanta edo webguneetara joateko aukera eman nahi diogu. 
 
2- Azalduko zenigukete nolakoa izan zen lan honen sortze prozesua? Bi egileen arteko sorketa zaila izan daiteke batzuetan. 
 
Egoera nik planteatzen nuen [Hedoi], egoera deskribatzen nuen. Alainek tartea izaten zuen hori asimilatzeko eta zituen baliabideekin (jendea topatu pertsonaia izan zedin, ze lekutan gertatuko zen) zirriborroak egiten zituen. Batera gelditu eta bineten banaketa egin eta ostean Alainek exekutatzen zuen, behin irudiak amaituta zeudela testua berridazten nuen hitzak ez zezan irudia zapaldu eta vice versa. 
 
 
3- «Ihes ederra» liburuan zehar agertzen diren zitak, poemak, estekak edo kultur erreferentziak anitzak dira, bilduma horren atzetik lan ikerketa handia omen da, batez ere istorioaren osagarriak direlako, halaxe izan zen? 
 
Fikzioa sortu dugu, eta fikzio horretarako funtsezkoa gertaera historikoak baino norbanakoen bideen imajinatzea erabili dugu. Helburu horrekin, adibidez, Euskalduna bezalako aldizkariak irakurtzeak lagundu gaitu, eta Euskal Herriko historia baino Frantziari begiratu diogu, bertatik independentzia lortu duten Aljeriari, edo Martinika edo Guadaluperi, jakinaren gainean gure liburua bereziki Hego Euskal Herria, Ipar Euskal Herria eta Frantzia idealizatu baten arteko lotura izan daitekeela. 
Dena den, irudimen lan handiena bikotea sortzeko izan dugu, praktikatzen zaila iruditu zaigu aurkezten dugun bikote heterosexual monogamo modernoa berekoikerian bizi den gizartean. Irudimen handia behar den bezala gizarte politizatuan bizitzeko, edo poesia irakurtzen duenan. 
 
4- Liburuan garatzen den istoriorako eraiki duzuen errealitate paraleloa istorioa bera baino harago doa. Hurrengo istorioetarako eszenatokia izan liteke sortu duzuen mundu hori? 
 
Izan daiteke aukera bat, oraingoz beste norabidea hartu nahi dugu, baina egia da nahiko jarraigarria dela mundu hori. Gerta daiteke ere Al-Andalusen dagoen euskal munduan, edo Alemaniarra den batean, edo Britainiarra. Aukerak ez dira infinituak baina badira hainbat bide historian gerta zitezkeenak eta, gure ustez, zoritxarrez gertatu ez direnak, Espainia izatea da kulturalki, politikoki eta afektiboki gertatzen ahal zitzaigun erdipurdikoena. 
 
5- Gainazaleko irudian, Berlingo Palast der Republik eraikina azaltzen da, gaur egun jada existitzen ez den sistema politiko baten eraitsitako sinboloa. Azalduko diguzue aukeraketa horren arrazoia? 
 
Ihes Ederrean Palast der Republik Iruñeko Auzitegi Gorena da. Jada ez den gorputz batek izan ez den mundu bat ordezkatzen du. Aurten bete dira Berlingo harresia eraitsi zela hogei urte, eta hala istorioaren amaiera heldu dela esan izan zaigu Fukuyamaren ahotik, hau da, kapitalismo liberala dela izan dezakegun sistemetan hoberena, edo behintzat okerren artean hain txarra ez dena. Zentzu horretan, erabat ados gaude Alain Badiouk eta Slavoj Zizekek gaur egun defendatzen duten hipotesi komunistarekin. Palast der Republikekin batera eraitsi zen Sozialismo Erreala jarraitzeak ez du zentzurik, iraultza berriz hasi behar da, errotik, akats berak errepikatu, estetika berriak sortu, egiturak birpentsatu. Horregatik bueltatu gara gu geu ere Lenin irakurtzera, horregatik marraztu nahi izan dugu maitasunaren estatu den bikote iraunkorra, ez gaudelako bat aldaketa txiki eta azalekoak soilik jasaten dituen gizadiarekin. 
Palast der Republik Berlindik desagertu da eta Euskal Herriko liburu-denda eta liburutegietan sortu da mila bider, komunismoaren mamua ikus daiteke jendartearen eskuetan, autobusetan, trenetan, erakusleihoetan. Gainera liburuaren kontrazalean bikotea ageri da ohean, horrekin bi iraultzetan jarraitzeko aldarria egin dugu, ez luke zentzurik bikotean despota eta kalean askatzailea denak. André Breton idazle surrealista eta komunistak argi esaten zuen: iraultza sexuala izango da edo ez da izango. Neurri batean 1917tik beste harremanak hasi ziren afektiboki eta legalki gauzatzen herrialde sozialistetan, izatezko bikoteak, bigarren harremanak izateko aukera, nudismoa etabar, errepresioa eta transgresioa albo batera utziko zituen gizartea sortuz. 

 2009ko urrian AUX Magazine aldizkarirako egindako elkarrizketa.

David Tijero Osorio:
Related Post