Skip to content

Huntza. Zuzeneko kontzertuetara buelta

Huntzak, euskal musikagintzan azken urteotako banda garrantzitsuenetariko bat, hasi berri den urteari gogotsu ekin nahi dio. Uxue Amonarrizekin hitz egin dugu bandaren egoeraz gehiago jakiteko eta nola prestatu duten datozen hilabeteotan emango dituen kontzertuak.

Denon itxaropena da 2022 urtean murrizketaz beteriko garai hau atzean geratzea. Zer moduz zaudete agertokietara igo gabe hilabete luze hauek pasa eta gero?

Gogotsu, baina aldi berean ziurgabetasun puntu batekin. Azken batean, denbora luze goaz diskoa berria eta gira prestatzen eta horrek ilusio handia pizten du. Baina ikusita azken momentuan dena alda daitekeela, ez da erraza izaten ari. Jadanik hiru kontzertu atzeratu behar izan ditugu, eta zortea da atzeratu ahal izatea, ez pentsa… Espero dugu edo hobe esanda nahiko genuke aurreikusita dugun gira egin ahal izatea, baina noski, ez dago gure esku.

“Ezin ezer espero” diskoan zuen estiloan eboluzio nabarmena sumatzen da zenbait kantetan. Irekitako bide berri horietan sakonduko duzue ala agian bizi garen egoerak nolabait eragin dizuen abestiak konposatzerakoan?

Nik uste dut ez dugula gure estiloa gehiegi aldatu, agian gauza batzuk egitera ausartu gara, baina gure bidean jarraitzen dugu. Ateratzen zenari lekua uztea erabaki genuen. Pablo Novoa izan dugu ekoizpenean laguntzen eta bere ideiak eta iradokizunak ere oso interesgarriak suertatu zaizkigu. Bizi dugun egoerak ere noski eragina izan duela, azken finean, sortze prozesuan gauza askok eragiten baitute.

Zein da zuen lan prozesuan gehien disfrutatzen duzuen zatia? Abestien konposizioa, grabaketa, entseguak, zuzeneko kontzertuak…? Eta gutxien?

Zaila da bat aukeratzea, guztiek dute lotzen zaituen zerbait. Halere, gure taldeak zuzenekoetan disfrutatzen duela gehien esango nuke, publikoarekin konektatu eta bertan sortzen den magiarekin.

Zuen proposamena sekulako arrakasta izan du lehendabiziko diskotik. Honek, zerbait positiboa izanik, taldearen ibilbide artistikoan presioa handiagotu du?

“Aldapan gora”-ren ondoren ez zen erraza izan, dudarik gabe. Hasieran inertziaz joan ginen aurrera, baina lanketa ona egin dugu gure artean eta presioa handia izan arren, gure gain hartu, onartu eta aurre egin diogu. Nolabait, presio hori kudeatzea eta aurrera egitea lortu dugu, eta oso gustura gaude horrekin.

Aurten kontzertuen zerrenda luzea duzue. Azalduko diguzue pixka bat zer aurkitzeko aukera izango dugun haietan?

Zuzeneko berri bat prestatzen gabiltza hilabete hauetan, iruditegi aldetik landuagoa. Kantuetan ere espero gabeko momentuak bilatzen ari gara, eta espero dugu gu ikustera joaten denak gozatzea.

Huntzak otsailean zehar hurrengo kontzertuak eskainiko dira taldearen datozen kontzertuak: 11ean, Bilboko Kafe Antzokian, 12an Gasteizko Kubik Aretoan, 18an Hendaiako mendi Zolan Aretoan eta 18an Burlatako Kultur Etxean.

Posta elektronikoz egindako elkarrizketa urtarrilaren hasieran.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies