X
    Categories Entrevistas

Hesia urraturik. Xabier Lete in memoriam.

Hesia urraturik Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren oroimenez, haren 10. heriotza urteurren ospakizunerako idatzitako Oratorio sinfonikoa da, haren testu eta melodia bilduma berreraikitzen duen alegoria. Egilea elkarrizketatu dugu proiektu honi buruz gehiago jakiteko.

Azalduko diguzu mesedez hau bezalako “Hesia Urraturik” oratorioa sortzea erabaki duzun zergatia? 

Xabier Letek eskaini zidan adiskidetasun eta geriza, edonor erraz ohitzen den abaroa izan zen niretzat. Hatz gutxiekin kontatzen diren pertsona zorrotz eta buruargi horietako baten jomugei zehatz-mehatz erantzun behar niela jakinaren gainean izanik ere, egiazko buruhaustea haren heriotzaren ondoren zetorkidan: ez bakarrik utzi zidan hasierako hutsune eta zurztasun izugarriengatik, baita erabakiak hartzeko nuen beldurragatik eta sentimendu eta pasio handixeagoz haren obraren eta pentsamenduaren jendarteratzea planifikatzeagatik ere.

Behin eta berriro zetorkidan burura mila bider Xabierri entzundako esaldia: “Ni hiltzean egin zazute nahi dezutena…”) Baina, eginak egin, ezin genuen edozer gauza egin. Laguntzeko eta babesteko prest nituen ekimenetatik- kanpokoetatik – aparte, neure kabuz ere zerbait egiteko promesa irmoa egin nion neure buruari.

Horrelakoetan nire jarrera oldarkorrak erabaki ohi izan du nola egin aurre egoerari: zailtasun handiko zerbait (nire mugen barnean) sortu eta idatziko nuen. Ahalegin nabarmena eskatuko lidakeena eta, bidenabar, Xabierrek begi onez ikus eta onets zezakeena. Ez hark atsegin izango zukeena bakarrik, baizik eta estiloari, pentsamoldeari eta sinesmenari ere lot niezaiokeena. Bizi izan zen bitartean eskaini zidan guztiaren esker on gisa.

Lasterrera, eta hasierako oldarraldiari itzuri ezinik oraindik, obra musikala, Oratorioa, idatziko nuela eta HESIA URRATURIK izenburua jarriko niola, erabaki nuen.

Zein izan da erabili duzun baliabidea inspirazioa aurkitzeko,
izan zenuen harreman pertsonala Xabier Leterekin ala izan da gehiago hark utzitako literatur ondarea? 

Hasieratik izugarri erakartzen ninduen ideia, obrari Oratorio musikalaren egitura ematekoa zen. Banekien Xabierren lanetako testuetan oinarritutako musika idazteak liturgikoa ez zen Oratorioa zeramala bere baitan nahitaez.

Zernahi gisaz, haren formatuari neritzon egokia izpiritualtasun eta giroa gauzatzeko, poesia- eta musika-ibilbide gisako zerbait helarazi nahi bainuen. Filosofia -eta estetika- pentsamoldean, Xabierren bizitzako zenbait aldi eta alderdi biziberritzera eta barnatzera mugi gintzakeen bidea. Eta bai haren kezkak, zalantza existentzialak, nostalgia, adiskidetasuna, salbazioa, itxaropena…ere.

Izan liteke, bizitzako aldien antzera, obraren ataletan, denbora-antolatzea suma liezaiokeenik. Orobat, Meza baten zatien hurrenkera duelako itxura hartuko liokeenik… Ez bata, ez bestea, eta biak izan litezke aldi berean, subkontzientetik eragin didatenak.

Baina inoiz ez da nire asmoa izan haren ibilbidera eta aldietara modu osoan hurbiltzea. Hori lortzea, iraupenak iraupen, ezinezkoa da horrelako obra batean.

Badira hamar urte Lete hil zenetik, bere obraren zer kutsu geratzen da gaur egungo euskal kulturan?

Ideia bat aipatuko nuke. Leteren obrak iceberg antza du. Bizpahiru topiko hartzen ditugu Leteren obraz mintzatzerakoan baina askoz gehiago da. Hain agerian ez dauden lan horiek erakusteko ardura daukat edo jarri behar baliabideak argitara eramateko. Badira testuak inoiz ez direnak argitaratu eta kantu asko diskoetan ez daudenak. Iceberg horren ur azpian dagoena azaleratu behar da Leteren obraren garrantziaz jabetzeko. “Arragoa” da Leteren obra defini dezakeen hitza aproposa. Ikusi besterik ez dago esparru akademikotik Leteren figurari buruz argitaratzen diren liburuak, informazio asko eman digutena, irudi osoa jorratzeko beste esparru batzuetatik ere egin beharko den arren.

David Tijero Osorio:
Related Post