Agian gaur bikoteek gutxiago egingo dute berba
haien besarkadak luzeagoak izan daitezen,
agian aspalditik elkar ikusten ez duten lagunek
hots egingo diote elkarri mintzatzeko gertatutakoaz,
agian bezeroak dendarien begietara egingo du so
trukea ematerakoan,
eta gidariek biharko utziko dute
hirira sartzeko etengabeko eztabaida mutu-gorra
irratiak dioena entzutekotan,
agian auzokideek ez dute ahoskatuko betiko esaldi tontoak
igogailuan topo eginez gero
kaleek lagun gutxiago jasoko dute gauez
denok babesa bilatu omen baitugu
hau bezalako egunetan,
ohikotasunak odol publikoaz zikintzen diren jardunaldietan.