Skip to content

Gizakiaren minak. Existentziaren porrota mingotsak

Denboraldi honetako izenburu interesgarrienetariko bat Karlos LinazasororenGizakiaren minak”  kontakizunen bilduma dugu. Bizitzaren alde mingotsenaren ispiluak diren istorio labur, zehatz eta krudelak, irakurlearen arnasa osten dutenetakoa. Ipuinaren ezaugarririk hoberenak erabiliz, gure beldurren eta kezken analisi zehatza egiten du elkarrekiko oso istorio ezberdinak eraikiz

Zeintzuk izango lirateke gizakiaren minak?

Liburuan era askotako minak azaltzen dira: bakardadea, eromena, ezin ikusia, ezin elkar ulertzea, tirania, askatasun falta, patuari ezin ihes egitea, oinaze fisiko nahiz psikikoa… Katalogo hau nahi adina luza liteke, jakina, kontrako katalogoa, alegia zorionarena edo bizitzaren alderdi onena nahi adina luza litekeen bezala. Bizitzak bi alderdi ditu, txanpon beraren bi aurpegi direnak, eta bi parteen arteko oreka hori lortzea da gizakiaren helburu, behar, desioetako bat…

Ipuin bilduma baten helburu nagusia ez bada ere, zein izango litzateke “Gizakiaren minak” istorio ezberdinen hari nagusia?

Nik uste dut ipuin liburuari batasuna ematen dion gai nagusia heriotza dela. Baina ez soilik heriotza fisikoa, baizik eta heriotzak dauzkan aldaera ugarietatik batzuk, hala nola bakardadea, askatasun falta, bortxakeria, gerra, beldurra, heriotza intelektual edo psikologikoa, oroimenaren zama astuna… Liburuan hilik bizi diren pertsonaia asko azaltzen dira, hondoa jo dutenak, esperantzarik ez daukatenak, zorigaiztokoak…

Ipuin hauek irakurriz olerkari batek idatziak direla ematen du.

Pozten naiz ba ipuin hauen atzean poeta baten eskua ikusten bada! Nik poesia eta ipuinak idazten ditut, eta esango nuke bi generoen barru-barruko mekanismoak ez direla oso desberdinak, gauza asko dituztela komunean, hala nola tempoa, begirada, laburtasuna, iradokitzeko indarra, isiluneak…

Oso idazle prolifikoa zara, genero ezberdinetan aritua gainera. Nondik datorkizu paper zuria betetzeko energia?

Energia, beharra, bulkada, ezinegona, galderak eta minak, poza, begirada, bizitzari zentzu benetako bat emateko beharra…, hori guztia barruan dago, bueltaka, eta hori guztia ordenatuko baduzu, bizitzari harmonia edo bake apur bat ipiniko badiozu, ba idatzi egin behar… Ez dago beste arrazoirik, bakoitzak bere gurutzea eraman behar du.

Orduan zuretzat idaztea zer da? Mina, pasioa, beharra, kondena…

Hori guztia eta jolasa ere bai, jakina. Baina sekula ez denbora-pasa bat, ezta dibertitzeko modu bat ere. Jolas serio bat, inondik ere.

“Gizakiaren minak”, Karlos Linazasoro, Erein argitaletxea, 140 orri, 15,40 euro.

Elkarrizketa hau AUX Magazine (www.auxmagazine.com) argitaratu zen 2011ko urrian.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies