Gotzon Barandiaranek eleberri interesgarria aurkeztu berri du, “Errotik”, Euskalduna Ontziolaren itxieraren egunetan kokaturiko istorioa. Egilearekin mintzo gara lan honi buruz gehiago jakiteko eta han deskribaturikoa gaurko egoerarekin alderatzeko.
Zure aurreko bi liburutan olerkigintzan aritua zara, nolakoa izan da eleberria idazteko esperientzia? Zer dela eta genero aldaketa hau?
Kontatu gura nuena zein genero edo formatuan idatzi erabaki behar izan nuen lehenengo eta bat. Bi istorio kontatu gura nituen, Euskaldunako langileek ontziola desagerrarazi ez zezaten abiatutako erresistentzia borrokarena batetik eta ,batez ere, estatu espainolarekin izandako hiru urteko gatazka horrek langile baten eta bere etxekoengan eragindako ondorio emozionalena, bestetik. Lehena kontatzeko, kazetaritza kronika zein saiakera generoak erabili nitzakeen. Bigarrena kontatzeko, poesia. Baina biak kontatu gura nituenez, genero edo formatu egokiena nobela iruditu zitzaidan. Horixe da arrazoia.
80 hamarkadako Bilbo berreskuratu duzu, Euskalduna ontziolaren itxieraren egun latzak. Sinesgaitza ematen du orain arte gertakari horien aztarna literariorik utzi ez izana.
Aztarna fisikoak ere ez uste asko direnik. Bai, harrigarria da hiru urtez luzatu zen langile eta estatu baten arteko borroka hain latzek literaturan horren isla lausoa izatea. Euskaldunako borrokak eragin itzela izan zuen politikoki, sozialki eta kulturalki. Musika talde askok kantatu zituzten langileen borroka haiek. Besteak beste, Hertzainak taldeak, bere bigarrena den “Hau dena aldatu nahi nuke” diskan, “Eutsi gogor” kanta sortu zuen, Euskalduna ontziolara bertara egindako bisita baten ostean, langileen adoreak eta duintasunak hunkituta. Bestalde, nabarmena da boterearen inguruko komunikabideek, El Correok, berbarako, langileen borroka haiek desitxuratu edo zuzenean isilarazi egin zituzten. Zer esanik ez orduko TVEk. Euskal Herriaren historia espainolek idatzi dute eta orain euskaldunoi dagokigu egia kontatzea. Uste dut idazleok ez gaudela ardura horretatik salbu.
Errotik liburu honekin, batez ere lehendabiziko zatian, kronika ere landu duzu. Horixe izan zen zure asmoa ala errealitatetik hain gertu dagoen istorioak hala exijitzen zuen?
Urteak eman ditut Euskaldunako epopeia kontatu guran. Kronikaren antza izan dezake lehen zatiak, bai, baina kronika egin gura izan banu, dituenak baizen hiru bider orrialde gehiago lituzkeen Errotikek, arestian aipatu legez, hiru urteko borroka latz haiek politikoki, sozialki eta kulturalki isla izan baitzuten. Bigarren zatia, Lorearen erabakia ulertzeko kontatu dut Euskaldunakoa, Loreak hartzen dituen erabakiek justifikazioa izan zezaketela iradokitzeko.
Gaur egun ere krisialdi garaian bizi gara. Hala ere, hiritarrok pasibotasun kezkagarriz onartzen omen dute egoera, aurreko belaunaldiaren. Pasibotasun hau heldu ote da ere literaturgintzara?
Idazlea ez dago bizi duen garaitik isolatuta, herrikide dituenen antzera pairatzen ditu neoliberalismo basati eta gupidagabe honen azorri kolpeak. Lehentasun legez egunero jatea duenak, hilabetea diru barik ez amaitzea ardura nagusi duenak, nekez hartuko du idazteko hautua, beste batzuk dira bere lehentasunak. Idazten dugun gehienok beste zer edo zer dugu ogibide, burgesak gara, egia esatera. Eta gure literaturan burgesen kezkak direla nagusi iruditzen zait. Horrez gain, gutxi gara formalki, estetikoki edo edukiei dagokienez arriskatzeko prest. Besaulkiek erasanda gaude, bai.
AUX Magazine (www.auxmagzine.com) aldizkarirako argitaratutako elkarrizketa 2011ko apirilean.