X
    Categories Entrevistas

Erreka Mari: Iragana, identitatea eta askatasuna

  

Queer autobiografia hau, familia bideoak Javier Lararekin ikusi eta gero abiatutako proiektua da. Egoitz Sánchezen bizitza berrikusten duten memoria, erreferentzia eta oroitzapenen nahasketa da. Aktorearekin egin dugu berba proiektuari buruz gehiago jakiteko. 

Nola sortzen da proiektu hau egiteko asmoa? Hasieratik bakarrizketa izango zela erabaki zenuten? 

Javier Lara, ikuskizunaren egile eta zuzendariari nire txikitako bideo bat erakutsi nion kasualitatez; nire lagun Lideren urtebetetze festako bideo bat zen. Bertan kuadrilako lagun guztiak Lideren amaren soinekoekin mozorrotuta geunden eta «festako erregina” ni nintzen. Denbora osoan kameraren aurrean egon nahi nuen eta oso hipersexualizatuta agertzen nintzen. Imintzio sexualak egiten nituen kameraren aurrean Mamachicho bat izango banintz bezala eta Murcia qué hermosa eres programako folklorikak imitatzen nituen; gaur egun umeak mugikorraren mende dauden moduan, ni garai hartan telebistaren mende nengoen zeharo. Bideo horrekin hasi zen guztia, nire burua analizatzen eta galdetzen ea zer zegoen horren atzean, salto handia baitzegoen Lola Flores imitatzen zuen ume horretatik nire helduaroko itxura normatibo maskulino honetara. Horregatik, argi geneukan persona bakarreko pieza izan behar zela, nire barneko mamuak azaleratu behar genituelako eta horretarako generorik aproposena autofikzioa delako. Aurrerago konturatu ginen istorio honen azpian Christian Andersenen Sirenatxoa ipuina zegoela. Izan ere, Sirenatxoak bere arrain isatsari uko egiten diolako printzeak maita dezan. Erreka Mari ikuskizunean nire buruari galdetzen diot, “Arrain isatsik gabe gelditu nahi duzu? Hemen, itsasoaren sakonean distiratsua dena zure arrain isatsa bezala, hor goian, lurrazalean, nazkagarria da”.  

Zein da antzerki lan honek aldarrikatzen duen ideia nagusia? 

ERREKA MARI ikuskizun oniriko kopleroa da, material autobiografikoan oinarritutako fikzioa, pertsona bakarreko pieza, non obrak berak publikoarekin eta antzezlearekin hitz egiten duen. Gure ikuspegi partikularretik, gogoeta egiten dugu hainbat belaunaldiren biografia modu nabarmenean egituratzen duten gaiei buruz: Zenbat leku dago askatsunarentzat arauaren barruan? Nola jakin nor garen, sentitu edo desio dugunaren antz handiena duena etiketa bat denean, hau da, fikzio bat? Nola hauteman gure haurraren benetako ezaugarriak, ikasten dugun lehen gauza desiragarria izatea denean? Maskulinitatea, sexu-identitatea, haurren hipersexualizazioa, eskola-jazarpena eta tratu txarrak (bullying-a) zeharkako ebidentzia gisa agertzen dira. A priori utopikoa edo pretentziosoa badirudi ere, ikusle bakoitzak honako hau egin ahal izatea da gure helburua: -Bere kontzientzia dibertsitatean zabaltzea. -Oroitzapenak modu inklusiboan konponduz di-bertitzea. -Norberaren sexualitateari eta etiketari buruz hausnartzea. ERREKA MARIk esperientzia estetiko bat proposatzen digu, non haur heldu baten alaitasunak, berezkotasunak eta nahasmenduak zerbait hautsi ahal diguten gure barruan. 

Zein izango litzateke proiektu hau aurrera eramateko aurrean izan duzun erronkarik zailena? 

Erronkarik zailena ekoizle eta antzezle lanak konbinatzea da. Ikusleak ordu beteko antzezlana ikusten du, baina ikuskizuna goizean goiz hasten da antzokira sartzen zarenean muntaia egitera. 10 ordu luzeko lana eta gero, lur jota zaudenean, zure lan artistikoa hasten da eszenatokian; tarte horretan konzentrazioa eta ilusioa galtzea ez da beti erraza izaten. 

Gaur egun, badira diotenak 80 eta 90ko hamarkadetan bizitza hobea zela eta askatasun gehiago zegoela. Zer esango zenieke? 

Esango nieke iritzi hori pribilegiozko posizio batetik hartua dela. Uste dut, gaur egun, zorionez, limite etiko batzuk jarri dizkiogula adierazpen askatasunari eta lehen txiste bat zena, orain iraina bihurtu dela, alegia, kolektibo bat iraintzen duelako txiste horrek. Astakasun gutxiago daukagu horregatik? Noski ezetz, guztiz kontrakoa, justoagoa den gizarte batek libreago egiten gaitu beti. 

 

 

 

David Tijero Osorio:
Related Post