Skip to content

Black is Beltza II: Ainhoa. Iragan nahasiaren kronika bitalista

Fermin Muguruzak, bere belaunaldiko kulturgile garrantzitsuenetariko bat, duela lau urteko aurkezturiko Black is Beltza izeneko pelikularen bigarren zatia estreinatzen du udazken honetan. Ainhoa pertsonaia karismatikoaren bidez, larogei hamarkadako euskal gizartearen azterketa egiten da, ikuspegi internazionalista batetik, gertaera ospetsuak birgogoratuz.

Duela lau urte ‘Black is Beltza’ filma aurkeztu zenuen eta orain bigarren zatia heldu zaigu. Errazagoa izan da oraingoa aurrekoaren eskarmentuaz baliaturik ala erronka berriei ekin behar izan? 

Teknikoki aurrekoaren eskarmentuak lagundu digu, jakina, finantza arkitektura eraikitzea ordea, aurrekoa bezain zaila edo gehiago izan da oraindik. Asko sufritu dugu, gainera, egoera pertsonalak izan direla medio, baita pandemiak isolatu egin gintuelako ere, baina 4 urte beranduago, hemen da bigarren atala.   

Pertsonaia berriak daude filma honetan, baina istorioa aurrekoaren jarraipena izango da ala biak zeharo independenteak dira elkarrekiko? 

Bigarren atala baino, spin off-a litzateke film hau, ez baitugu kontatzen aurreko filmeko protagonistaren beste istorio bat, Corto Maltesen saga izango balitz bezala, baizik eta Manex eta Amandaren alabaren istorioa. Breaking Bad adibide bezala hartuko bagenu, hau Better Call Saul edo beste batzuk dioten bezala Better call Kim litzateke. 

Filmak azkeneko hamarkaden gertaera inportanteak deskribatzen ditu pertsonaien ikuspuntutik, nostalgia ariketa izan da ala belaunaldi berriek ezagutu dezaten asmoarekin dago eginda? 

Aurreko filma 1965ean hasten zen eta elipsi baten ondorioz 1967an kokatzen genuen trama guztia. Oraingoan, 1985ean hasten da eta beste elipsi baten ostean 1988an kokatzen dugu argumentua. Nostalgia eta ariketa antonimoak dira, nostalgia gelditasuna baita, memoria ariketa, ordea, bai dela filmak proposatzen duena. Belaunaldi berriei transmisioa egiteko tresna bat bezala sortu dugu AINHOA.   

Maiz entzuten da laurogeiko hamarkadan adierazpen askatasuna handiagoa zela gaur egun baino. Iraganean zentsura latza jasan izan duen artista izanik, atzerantz joan garela uste duzu?  

1980. hamarkadan ezagutu nuen zentsura. 1990. enean ere bai, ia hamarkada osoa prozesu judizial baten menpe. Mende berriaren hasieran nire kontzertuaren kontra bonba bat jartzera iritsi ziren faxista batzuk, Manu Chaorekin egin nuen biraren kontzertuak debekatu zizkiguten, duela 4 urte TVEn azaltzeagatik elkarrizketatu zidanak barkamena eskatu zuen, eta 2022an, orain, Estatu Espainolak badu rap-abeslari bat kartzelan eta beste bat erbestean. Adierazpen askatasuna borroka gune garrantzitsua izan da kulturgile bezala lanean hasi nintzenetik eta oraindik ere bada. 

Black Is Beltza II: Ainhoa filma estreinatuko dute Hego Euskal Herrian Irailaren 30ean, eta, urriaren 6an komikia argitaratuko da.

Posta elektronikoz egindako elkarrizketa irailaren hasieran

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies