Skip to content

Bertsolari: Hitza festa denean

Asier Altuna zine zuzendariak bertsolaritzaren mundu aberatsa deskribatzen du “Bertsolari” izeneko bere azkeneko lanean. Ekoizpen prozesuan gaur egun, urte hasieran aurkezturiko hamabi minutuko filmaren laginak, sekulako oihartzuna izan du.

Fikzio lan batzuk gauzatu ondoren, dokumentalera pasatu zara. Zure ekoizpenean behin-behineko aldaketa izan da ala hemendik aurrera ikusiko zaitugu esparru honetan?

Asko gustatzen zait gauza berriak probatzea eta egia esan ba neukan dokumental bati heltzeko gogoa. Eta ez dit batere defraudatu, gustura nabil bertsolaritzan murgilduta, fikzioarekin alderatuta nabarmenduko nuke sorkuntza biziago dagoela, presenteago dokumentalean. Fikzioan gidoia idaztean ematen da gehien sorkuntza, errodajea berriz mekanikoagoa da. Dokumentalean aldiz momenturo sortzen ari zara. Hori ederra da. Hala ere, fikzioak ere ba ditu gauza ederrak, historia bakoitzak formatu bat eskatzen du eta denak ditut gustuko. Animaziozko pelikula ere egunen baten egin nahiko nuke.

Zer da “Bertsolari” dokumentalaren helmuga nagusia? Bertsolaritza kultur mugimendu moduan islatzea ala kulturaren mugetatik at doan fenomeno soziologikoaren berri ematea?

Kultura mugetatik at ba ditu bertsolaritzak ezaugarri ugari kontatzekoak bezalakoak direnak. batez ere gaur egunean bizi garen irudiaren mundu honetan hitzak oraindik eduki dezakeen garrantzia gogorazten digu bertsolaritzak. Hemen, Euskal herrian argi ikusten da hori, baina munduari ere hori erakutsi diezaioke bertsolaritzak hitzen jolasa ederra dela, gozagarria eta zergatik ez, izan daitekeela transformazio erreminta bat ere. Helburu nagusia? Ez dakit, bidea egiten ari naiz, ez dakit nora iritsiko naizen.

Ba al da bertsolariren bat aktore/aktoresa ona izango litzatekeena? Inprobisatzerakoan behintzat, zaila izango da norbait hobea aurkitzea…

Atzo Maialenekin sekuentzia bat grabatzen antzeko konbertsazioa izan nuen. Berak zion eurak bertsotan direla onak, ez kamara aurrean aurpegia ipini eta interpretatzen. Dakitena egiten daude seguru, hitzekin jolasten. Hitza da euren indarra eta gorputza transmisore bat, berriz ere Hitzak irabazten dio irudiari. Inprobisazioa da beste gai bat oso interesgarria bertsolaritzarekin bat datorrena.

Bertsolariak publikoarekiko duen konplizitatea, bertso aurretiko isilaldi ia erlijiosoa, bertso on batek eragin dezakeen emozio paregabea… ez da erraza izango hura guztia dokumental batean islatzea; erronka polita omen da.

Benetan gozatzen ari naiz konturatu naizelako bertsolaritzak alde ezberdin oso interesgarriak dituela, gai unibertsal oso erakargarriekin jolasten ari naiz, isiltasuna, bat-batekotasuna, joku-jolasa, irudi-hitza… Dokumentala egiten hasi baino lehen ez nuen oso argi ikusten nola heldu hain gai zabalari. Oraindik ere ez dut oso argi ikusten nola helduko diodan guzti honi, baina lehen nuen beldurrik ez dut eta benetan gustura nago, plazer bat da benetan nagoen lekuan egotea. Hau fikzioak ez dizu ematen.

Aurrerapen modua, 12 minutuko lagina aurkeztu duzu. Noiz uste duzu prest egongo dela filme osoa?

Urte bukaeran bukatuta egotea espero dut, iazko abenduan hasi nintzen pelikula grabatzen eta ondo legoke urte baten ondoren prosezua bukatzea, hortik aurrera neuk ere inprobisatzen hasteko arrisku asko daukat eta.

Elkarrizketa hau AUX Magazine aldizkarian argitaratu zen 2010ko ekainean

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies