Skip to content

Atzerrian lurra garratz. Etorkinak sustraitzeko zailtasunak

Amancay Gaztañagak “Atzerrian lurra garratz” proiektuaren ardatz nagusietariko batek antzezlan honen xehetasunak azaldu dizkigu elkarrizketa honetan. Artedrama eta Huts konpainiek kolonialismoa hartu dute ardatz, Euskal Herrian etorkin izan zen kolonbiarraren bizipenez inspiratua.

Proiektu honen zein fasetan iritsi zinen? Gidoiaren behin betiko bertsioa bazegoen antzezlana prestatzerakoan ala jasotako hasierako bertsiotik abiaturik testuren bat berridatzi zenuten?
 

Proiektu honen ia hasieran sartu nintzen taldean. Hasieran, Ander Lipusek eta Laura Penagosek proiektua egitea erabaki zutenean, konturatu ziren dramaturgo baten beharra edo testua idatziko zuen pertsona baten beharra. Laura Penagosek bere bizipen batzuk idatzita zeukan baina antzezlan osoa eta pertsonai guztiak eraikitzeke zeuden eta fase horretan iritsi nintzen ni, beraz hasieratik nengoela esan dezakegu. Dramaturgiaz aritu nintzen hasieran baina laster ikusi genuen beste pertsonai bat egon behar zela Laurarekin batera eta orduan Ander barrura sartu zen, nik zuzendari lanak ere hartuz. Testua idazkeran eta zuzendaritzan ibilia naiz hasieratik.

Antzezlanean gizarte honek dituen konpondu gabeko gaitz batzuk deskribapen zehatza egiten du. Istorio bat kontatzeaz gain, kritika zorrotza ere sumatzen da.  

Gure lana izan da ispilu bat eraikitzea. Euskaldunak garenontzat eta ez migratzaileak ispilu bat jartzea gure begien aurrean, sinpleki islatzeko geratzen ari dena. Euskal Herrian integrazioa gai sakona da, oso azaletik tratatzen dena eta pentsatzen dugu integratuta daukagula baina inondik inora ere ez, eta horren isla egin nahi izan dugu antzezlan honetan.

Nori zuzenduta dago “Atzerrian lurra garratz” antzezlana? 

Mundu guztiari esango nuke. Antzerkira hurbildu nahi duen edozeini eta bere burua kolokan jarri nahi duen edozeini esango nuke. Pentsatu nahiko nuke ere antzezlana Euskal Herrian bizi diren emigranteentzat idatzita dagoela. Askok ikusi dute obra eta ikusi dutenen artean egon da holako esker on bat beraien bizipen horiei ahotsa jartzeagatik. Antzerkia izan beharko luke guztiontzat eta sentimendu horrekin idatzi dugu.

Zer nahiko zenuke norbaitek ikastea obra hau ikusi ondoren? 

Ez litzaidake gustatuko norbaitek zerbait ikastea, baizik eta jendeak antzezlana ikustean izango duen esperientziatik galdera batzuk planteatzera bere barruan. Ez nuke nahi antzezlanak pedagogia egitea. Hori ez da izan gure intentzioa. Baina gustatuko litzaiguke Aurarorarekin batera bidaia egitea eta beraien barruan galderak suertatzea amaieran.

Urtebete luze pasa da pandemia egoera deklaratu zenetik, zuzeneko ikuskizunak kinka larrian utziz. Nola ikusten duzu antzerkigintzaren ekoizpena epe ertainean? Berreskurapen azkarra gertatuko da ala ezarri beharreko murrizketek egindako kaltea uste dugun baino sakonagoa izango da? 

Lehen ere bazegoen kultur politikoaren behar handia. Pandemia azalarazi duen arren, bazegoen prekarietate latza eta kulturak bizi duen utzikeria eta desprestigio hori da gehien mintzen edo tristatzen nauena. Ez dira gauza berriak kulturari ekiten diogunontzat eta nik uste eman beharko litzaiokeela berrikuspen total bat kulturaren tratamenduari gizarte honetan. Denok erabili dugu kultura pandemia garaian bizirauteko, batez ere etxean entzerratuta geundenean eta uste dut kulturak beste leku bat merezi duela eta behar beharrezkoa dela politika serioa eta ez orain duguna.

(Argazkia: Ainhoa Resano)

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies