Harkaitz Cano idazle donostiarrak bere laugarren eleberria aurkeztu zuen, “Twist”, ziur aski orain arte egin duen lanik esanguratsuena. 400 orri baino gehiagotan zehar Canok 80ko hamarkada abiapuntutzat hartuta, iraganean eta orainaldian garatzen diren istorio gurutzatuak eraikitzen ditu.
Zazpi ataletan bananduta aurkezten du Canok istorio osoa. Atal bakoitzak istorio propioa kontatzen badu ere, irakurri ahala istorioa osatuz joango da irakurlea, aurreko eta hurrengoetan aurkitzen delarik kapituluan bertan esaten ez dena.
Intentsitatea izan daiteke liburuaren estiloa definitzeko erabil daitekeen ezaugarri nagusia. Arnas egin gabe egindako idazkera dela dirudi, esaldi asko ziztadak bezalakoak baitira. Gertakari lazgarriak, gure gizartearen iraganetik oso gertu daudenak, errua, laguntasuna, gorrotoa, traizioa, amodioa eta sexua uztartzen dira Diego Lazkano protagonistaren bizitza oso gutxitan ikus daitekeen maisutasunez.
Ausentzia eta errua bere bizitzaren ardatzat izanik, irudimenari ekiten dio bizi nahi ez duen errealitatetik askatzeko eta horixe da beste protagonisten ibilera istorioa garatu ahala, jasangaitza den egoera batetik ihes egiteko premia zorte ezberdinarekin kasu bakoitzean.
Maisu lana “Twist” nobela hau, denboran iraungo duen klasiko bihurtzeko hautagai handia eta agian azken urteetako euskeraz idatzitako lerrorik hoberenak dituena bere hasierako kapituluan“Cambalache83”, garai bateko erreferentzia eta deskribapen miresgarria. Ezinbestekoa.
Twist, Harkaitz Cano, Susa Argitaletxea 26 Euro, 413 orri.
2012ko iraileko AUX Magazine aldizkarian argitaratutako erreseina (www.auxmagzine.com)