Joseba Aurkenerena Urruñako idazleak “Iparraldeko haizeak”, lurralde honetako bizimoduen eta kulturaren deskribapena izan nahi duen sorta baten hirugarren alea.
Trilogia bat amaitzen da aurkeztu berri duzun «Iparraldeko haizeak» lan honekin? Zein izango litzateke horren helburu nagusia?
Ez, egia ha hauxe dela Iparraldeari buruz plazaratu dudan hirugarren kronika-liburua, baina ez da nire asmoa, inolaz ere, trilogia bat osatzea. Horretaz gain, jadanik laugarren liburua prestatzen ari naiz.
Iaz, hau da, 2010ean, IPARRALDEKO HAIZEAK izeneko kronika- liburua plazaratu nuen, eta aurretik kaleratutako beste bi kronika-liburuen jarraipen logiko eta kronologikoa da. Lehena, IPARRALDEKO KRONIKAK 2003an plazaratu nuen eta bigarrena, IPARRALDEAN GAINDI izenekoa, 2006an. Hiru liburu hauetan Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarren bizimodu apala eta bizinahia azalerazten ahalegindu naiz, euskal nortasuna atxikitzeko egiten dituzten ahaleginak, euskara eta euskal kultura aitzinatzeko egiten duten lana,… eta horrelakoak izaten dira liburuan zehar agertzen direnak. Ez ditut momentu heroikoak edota topikoak bilatzen, Iparraldeko euskal jende xehearen bizitzeko grina, irauteko gogoa baizik. Hori dela eta, kontakizunek, herriko pertsonaiek, herri ekimenek toki handia hartzen dute liburuetan barrena. Hortik datorkie, nolabait erranik, liburu hauek duten alde etnografiko handia.
Nire ustetan, mundu hau ez dago betiko eginik, eta oraingo egoera sozio-politikoak ez dira betiko izanen. Nik naturaz, gizakiaz eta herriez sinesten dut, eta gurea bezalako herrien tenorea noizbait iritsiko delakoan nago. Ez dut beste herriez idazten ez ditudalako ezagutzen, bestela eginen nuke. Baina Euskal Herriaz, eta gehienbat, Iparraldeaz, bai. Herri hau sentitzen dudalako, bere izatearen zati naizelako, eta berarekin batera, bizitza honetan pozak eta penak ezagutu ditudalako. Hegoaldekoentzat Iparraldeko anaia-arreben bizimodu xehearen gida modukoa izan daiteke, eta Iparraldekoentzat horren erorita duten autoestima finkatzeko bultzada.
Hauxe da kronika-liburu hauen bidez kaleratu nahi dudana: bizipenak, nahiak, gogoak… Lortu dudan edo ez, beste upelako sagardoa da.
Nolakoa da bizitza Iparraldean euskaldun batentzat, kontuan harturik Frantzian euskera hizkuntz ofizial ez dela?
Ez da bat ere erraza, guztiz zaila eta korapilatsua baizik. Frantziak ez ditu bere menpean dauden nazionalitateak eta euren mintzairak onartzen. Munduko sistema demokratiko onenean bizi direla uste dute, eta horrek baimena ematen die, balizko askatasun, berdintasun eta senidetasunezko aldarri eta filosofia horren bidez ezberdin den guztia zanpatzeko eta birrintzeko. Genozidioa da egiazko hitza Frantzia egiten ari dena izendatzeko, eta ez bakarrik gurekin, hau da, euskaldunekin, beren menpean suertatu diren herri guztiekin baizik. Horrelako egoera gogorrean zail samarra da aitzina egitea, iraute bera ere kolokan dago. Hala eta guztiz ere, euskaldunok badugu gure baitan erresistentzia hazia ongi atxikia. Ez da erresistentzia politiko bat, ez du alderdiekin loturarik, bizitzeko eta irauteko gogo inkontzientea baizik, eta hori ikusten da eguneroko bizimoduan, herrietan egiten diren beste eta kultur ekimenetan, mutxikoen eta gainerako euskal dantzen berpizte eta zabaltze handiarekin, euskaraz kantatzearekin… Alde horretatik euskaldunok jakin dugu erantzuten. Euskara da, tamalez, okerren dagoen nortasun faktorea, eta denok dakigunez, bera da garrantzitsuena, hizkuntza galduta beste guztiak ez baitu deusetarako balio. Horretan ari dira ikastolak, gau-eskolak, herriko etxeak, kultur eragileak,..… Jo ta ke ari dira lanean, eta desagertzetik gertu zegoena gelditzea lortu dute. Onarpen politikorik gabe, zail samarra da egoera zuzentzea, baina horretan ere aurrerapausoak ematen ari dira, eta azkenean atxemanen dugulakoan nago.
Iparraldeak indar demografiko eskasa du bere kontra. Horrek ere modu txarrean eragiten du. Indar demografikorik ez badago herri eskaerek ez dute indar handirik mundu petral honetan. Hala ere, honek ere bere alde ona ere badu, gutti izatean, elkar ezagutzen baitugu ia denok, eta ongitxo dakigu zein den euskaldun eta zein erdaldun. Ezagupen honetaz baliaturik, euskaldunok euskaraz bizi gaitezke eguneroko bizimoduan.
Orokorpenak egitea komenigarria ez den arren, zeintzuk izango lirateke Iparralde eta Hegoaldeko euskaldunen arteko ezberdintza nagusiak?
Lehen aipatu indar demografikoa guztiz alderantzizkoa da, Iparraldean eskasa den bitartean, Hegoaldean aski handia baita, eta honek gauzak beste moduan egin ahal izatea ahalbidetu du. Izatearen aldetik ez dago ezberdintasun handirik, azken finean, denok Herri beraren seme-alabak baikara. Hori bai, Hegoaldean ozenki hitz egiten den bitartean, Iparraldean apalago mintzo dira. Eta Hegoaldea errepidez, industriez, eta horrelakoez betetzen ari zaigun neurrian, bertakoen izaera ere aldatzen ari da. Hegoaldeko jendea, orokorrean, eta ez leku guztietan, noski, estresatuta bizi da, tristeago, bizimodu globalizatu batetik gertu. Iparraldean, eta Nafarroa Garaiko eskualde aunitzetan, bizimodua oraindik nekazaritzarekin lotua dago, eta horrek eragiten du bertakoen izaeran. Bailara hauetako jendea alaiago bizi da, ez horren estresatuta, erlojuak ez du dena neurtzen Hegoaldean bezala, kantatzeko eta dantzatzeko pronto dira… eta hori gure arteko harremanetan nabaritzen da. Hegoaldekoek Iparraldeko lasaitasuna inbidiatzen dute, eta Iparraldekoek Hegoaldean sumatzen duten buila eta kaleko giroa.
Iparraldean Hegoaldeko euskal literaturak eta kulturak interes handia sortzen dute, hala ere, badirudi interes horrek kontrako bidea ez duela egiten edo era ahulago batera.
Iparraldean Hegoaldeari eredu gisa begiratzen zaio. Polika mailan lortutakoak nahiko lituzkete atxeman. Literaturan ere erreferentzia modernotzat hartzen dute, eta egia errateko, ez zaie arrazoirik falta. Hegoalde urbanizatu eta industrializatuan egiten den literatura guztiz modernoa da, bai gaiaz eta bai estiloz. Iparraldean, berriz, oraindik badira literatur-egile aunitz mundu klasiko eta zaharrarekin lotzen direnak, mundu horrek oraindik, neurri handi batean, irauten duelako. Dena den, badira idazle modernoak ere, gaurko euskal literaturaren barruan garrantzi handia dutenak, eta heldu diren gazteak ere bide horietatik barrena abiatu dira, gehiegi ez badira ere. Eta horretan gure indar demografiko eskasak eta gazteen erdalduntze azkarrak badute zer ikusirik.
Hegoaldean badira metropoli handiak, Iparraldean euskal hirigune handi bakarra Baionak, Miarritzek eta Angeluk osatzen dutena da, eta hala eta guztiz ere, ezin da alderatu ere egin Bilbo batekin, demagun. Horrek ere eragiten du indar handiz gure idazleen estiloan eta gaietan.
Idaztankeraren aldetik, berriz, ene ustetan, Hegoaldekoek badute zer ikasi Iparraldekoek erabiltzen dutenarekin. Hegoaldean, naturaltasunaren izenean, erdarakada itsusienetan eta inkontzienteenetan erortzen dira askotan. Iparraldean, berriz, esamoldeak, euskara bizia ez dago oraindik horren kutsatua, eta Hegoaldekoen artean bekaitza sortzeko modukoa da. Estiloa ere, berezi samarra da. Iparraldean jauziak, elipsiak… eta horrelakoak izugarri maite dituzte. Horrelakoak Hegoaldeko idazle eta irakurleentzat ezinezkoak lirateke. Prosa poetikoa lantzen dute. Hegoaldeko idaztankera guztiz ulergarria da Iparraldeko irakurle alfabetatuen artean, Iparraldeko idaztankera, berriz, zaila eta ulergaitza aunitzetan Hegoaldean. Hurrengo hamarkadetan gauzatuko den Iparralde eta Hegoalderen arteko hurbilketak elkar ulertze natural bat ekarriko du.
Elkarrizketa hau AUX Magazine (www.auxmagazine.com) 2011ko otsaileko zenbakian