Asteburuko bizitza astearteko ordu txikietan
urdin elektrikoa dario irratiari
abesti debekatuak erritmo berripean
lausoak elkarrekiko argi mehea islatuz
laztan ikusezinez elkarri elikatuz
hau amaitu egin da
ez dago ahoskatu beharrik
aitak denda ireki berri du itsaso uniformearen beste aldean
semeak ikas dezan diruaren esklaboa izaten
ezkontza hasi da prestatzen ama
irla berdeko hiri beltzean askatasuna ezagutu nahi zuen alabarentzat
teknologia berria dator gure hutsa apaltzeko
urrun izango gaitezkeela baina ez duela axola,
horixe dio telebistak
belaunaldi hau agortuta dago
gure hondartza ezezagunez beteko dira
haiek ere gaztaroa edatekotan
gogoko izango ez ditugun abestiak dantzatzeko
olatuek ito egingo dituzte neska gazteagoak
kondairak jarraituko du, gu kanporatuz bere bilakaeratik
baina gela ilun honek gordetzen gaitu
giltzapean ezkuturik etorkizuna ez dela iritsi sinets dezakegu
gure hiru minutuetako kantek iraun heinean.