Iban Zaldua idazleak musika eta literatura uztartzen du bere azkeneko liburuan. Kontakizun bilduma bat pop eta rock disko historikotan oinarriturik.
1-Istorio laburrak musika inspirazio iturri sortuak. Ez da lehenaldiz formula erabiltzen dena, Uste al duzu azpigenerotzat har daitekeela musikagintzatik sorturiko literatura?
Ez dakit hainbestera iristen den ere. Izan ere, literaturaren eta musikaren arteko harremanak oso zaharrak dira, dela literaturatik musikara doazenak (liburuak izan direnean musika obren inspirazio-iturri edo oinarri, edo poesia izan denean hitzen hornitzailea…), dela musikatik literaturara doazenak: hor daude Thomas Mann, Alejo Carpentier edo Julio Cortázar, esate baterako. Berrikuntza bakarra musika-generoen aldaketan edo gehiketan datza, baina hori ez da harritzekoa, pop-ak eta rock-ak azkeneko berrogeita hamar urteetan izan duten eragin kulturala eta soziala kontuan hartuta… haien inguruko literatura bat sortu behar zen, nahitaez. Baina ez dut uste azpigenero bat osatzen duenik, berez.
2-Bilduman agerturiko disko gehienak 80ko hamarkadakoak dira. Galduriko gaztaroaren nostalgia ala gaur egun musika ez da garai hartakoa bezain ona?
Ez bata eta ez bestea, esango nuke. Popa gaztaroarekin lotutako fenomeno bat da, nik uste, eta alde horretatik ez zait harrigarria iruditzen nire nerabezaroan eta gaztaroan iltzatuta gelditu zitzaizkidan taldeak eta melodiak agertzea: azken batean, horiek jarraitzen ditut entzuten, besteak beste, eta nire iraganaren parte dira, nire orainaldiaren parte izaten jarraitzen duten bezala; ipuinak osatzeko oinarri gisa agertzeko aukera asko zeuden, beraz. Atzera ere begira daiteke nostalgiarik gabe, nik uste.
Gaur egungo musika, bestalde, ez zait iruditzen garai hartakoa baino bereziki txarragoa (ezta hobea ere, egia esan). Kontua da garai hartatik egin dugula aukeraketa bat, eta horregatik irudi dezake garai bateko musikak hobea; oraingoan, ordea, ez dugu prozesua amaitu, ez dugu aukeratu zein den une honetako gure musikarik onena, eta abundantziak (zeinetan gauza txar asko dagoen) inpresio hori eman dezake, gaur egungo musika txarragoa dena. Baina ez da hala, berez. Gehituko nuke, gainera, garai honek badaukala, musika kontuetan, abantaila bat orduko “gurearekin” konparatuta: orain gazteak askoz ere eklektikoagoak dira, eta gure garaian (demagun, 80ko hamarraldian) sektarioagoak izaten ginela iruditzen zait. Hala musika kontuetan, nola beste batzuetan.
3-Musikak inspirazio iturri erabiltzen duen idazleak, musikaria izateko gogo ezkutua uzten du agerian?
Agian, baina ez dut uste. Onartu behar da rockaren izarrek badaukatela erakargarritasun puntu bat, eta idazleei horren erraz baimentzen ez zaizkien poseak eta ekintzak txalotzen zaizkiola, publikoarekiko harremanetan adibidez (nahiz eta horretan gero eta gehiago hurbiltzen ari diren rockaren izarrak eta idazle batzuk…). Txikitatik ez gaitasun handia izan dut musika instrumentuekiko, abilezia falta izugarria, agian ikastolan txistua irakatsi ziguten modu traketsagatik (gorroto dut txistua). Edonola ere, betidanik oso musika zalea izan naizen arren, eta musikak nire bizitzaren parte inportante bat osatzen badu, beti izan dut argi nirea entzule rola zela, eta nire bokazio nagusia literarioa izan dela. Eta Biodiskografiak bildumak musika izan dezake oinarri eta abiapuntu, baina, funtsean, literatur lan bat da, ipuinak idazten saiatu naiz, ahalik eta narrazio onenak: albumetatik abiatuta, baina narrazio petoak. Horixe da dena.
4-39 disko, 39 kontakizun, 40 zenbakiak ospe txarra ote du musikaren munduan?
Ez dut uste. Nik behintzat ez nuen horretan pentsatu. Iturria agortu zitzaidanean gelditu nintzen, eta liburua nahikoa biribilduta ikusi nuenean. Hogeita hemeretzi atera ziren, eta kito, baina berrogeita bi izan zitezkeen, edo hogeita hamazazpi. Numerologia kontuetan ez naiz bereziki esoterikoa, ikusten duzunez… Irrati kateaz ari bazara, 13 urterekin entzuteari utzi nion.
«Biodiskografiak», Erein argitaletxea (Iban Zaldua)
AUX aldizkarirako egindako elkarrizketa 2011ko ekainean (www.auxmagazine.com)